domingo, 20 de mayo de 2012

Elkarrizketa

Jostailuak

Eguberrien atarian jostailuei buruzko galdeketa egiten diote pedagogoari. Honek pedagogia aldetik jostailuen garrantzia azpimarratu eta hainbat aholku ematen ditu. (jatorrizko artikulua laburtua)

Lore Erriondo. Pedagogoa. EHUko irakaslea: «Bizitza guztian sustatu behar genuke jolasa, garapenerako ona baita»

Jostailuek zer garrantzia dute?
Jostailuak baino garrantzia handiagoa jolasak berak dauka. Jolasa mundu sinboliko oso bat da, umearentzat hain itzela den errealitatea barneratzeko modu bat da, errepresentazio modu bat, errealitatea ulertzeko, onartzeko, egokitzeko modu bat. Jolasak badu beste ezaugarri bat garapenerako oso garrantzitsua dena, eta askotan eten egiten duguna: jakin-mina.

Zer hartu behar da kontuan jostailu bat hautatzeko unean?
Batetik umea bera, eta bestetik bere ingurunea. Ume jakin horri erreparatu behar zaio, zer trebetasun dituen landuenak eta zeintzuk gehiago garatu beharrekoak, nortasun aldetik zer premia dituen, zein zaletasun dituen. Haur hori bere gurasoek ezagutzen dute inork baino hobeto. Horrez gain, ez da pentsatu behar oparia haur horrek jasotzeko bakarrik denik, haurrak jolasteko dela baizik, beraz, ingurunean jostailu horrekin jolasteko aukera behar du izan, espazioa aproposa behar du izan, eta norekin jolastu eduki behar du. Jostailua ez da isolatzeko gauza bat, elkarbanatzeko gauza bat da, eta askotan hartu-emanak eraikitzeko, komunikaziorako elementu bat izan daiteke.

Badirudi behin adin batetik aurrera jostailuak ez direla opari "egokiak".
Jolasa ume garaira bakarrik mugatzen dugu, bai, eta tristea da oso. Bizitza guztian sustatu behar genuke jolasa, garapenerako ona baita. Helduok jolastea "umekeriatzat" jotzen dugu, baina jolasteko beharra izan badugunez, beste itxura bat eman behar izaten diete helduen jolasei, mahai-joko edo rol jokoei, esaterako.
Jakina, hor ere merkatuak oso garbi ikusten du etekin ekonomikoak nondik ateratzen dituen. Aurrekontuen zati handi bat umeei begira egindako opariak dira. Gazteei zer oparitu ere ez dakigu askotan, baina jostailurik ez behintzat; eta helduei ere jostailurik ez, mesedez! Eta aiton-amonak? Inkognita, horiek jada ez dira existitzen iragarkietan. Zer egiten da aiton-amonen ludikotasuna lantzeko? Ez dago eskaintzarik, dagoeneko ez baitira kontsumo elementu. Eta zergatik ez dute jolastu behar eraikuntza piezekin, edo galdera-erantzun mahai jokoekin?

Gabonetan derrigor egin beharreko oparia bihurtu da jostailua. Horrek zer dakar?
Hasteko, gaur egun jostailuak kasik data jakin horretan bakarrik oparitzen dira, eta berez ez dago garairik jostailuentzat. Jostailuak eta jolasa edozein unetan oparitu, jaso, eman daitezke. Heziketaren osagarri den elementu bat baita jolastea.
Guraso askok opari gehiegikeriari aurre egin nahi izaten dio, baina inguruaren presioa itzela da.
Azkenean guztiok erortzen gara zulo berera, ez dugulako gure ingurukoek sufritzerik nahi. Ohartzen gara derrigorrezko elementu batzuk direla, nahiz eta zentzugabekoak izan. Oparirik ez egitean, zapuzketa sortzen da, bazterketa sortzen da, eta hori ez dugu inork nahi. Gainera, zoritxarrez, Gabonetako opariak umeentzat taldeko integrazio elementu bilakatu dira gaur egun. Opariak jaso eta gero galdeketa dator beti lagun taldean: "Eta zuri zer oparitu dizute? ", eta hor ebazpen bat dago, eta zenbat edo nolako jostailuak jaso, taldean bere tokia finkatzeko edo kolokan jartzeko neurgailu bat ere bada.
Irtenbidea, oparia zentzudun jokatuz erostea da, edo bihotzari kasu eginez, berdin zait, baina ez poltsikoarekin. Aprobetxa dezagun oparia erosteko erritual hori, garapenerako lagungarri izango den oparia erosteko. Merkatua oso zabala da, eta produktuak ikaragarri daude; gertatzen dena da, sasoi honetan zentratu egiten dela, eta eskaintza ugariagoa baina murritzagoa dela. Miatzeko jarrera hartu behar da, zentzudun jokatuz erosteko. Eta bestetik, heziketa prozesua dago. Haur eta gazteekin kontsumo presio horren zentzugabekeria eta interesak landu egin behar dira. Eta landu benetan bere gustuak, bere interesak nondik doazen, bere burua indartzeko, eta halako irizpide kritiko bat sortzeko. Eurak kontziente baldin badira, hor egongo da lagun taldea, baina taldeak ez dio hainbesterako eraginik egingo, eta gai izango dira taldearen aurrean justifikatzeko. Oso memento aproposa da hau, (nabarmena delako), haurrarekin hedabideak lantzeko, agertzen diren iragarkiek zer duten errealitate eta zer fikzio ikusteko, engainua igartzekoà Baina horretarako gurasook seme-alabekin egon behar dugu, eta komunikazioak existitu behar du, eta etengabeko hezkuntzaren txipa behar dugu izan, memento bakoitzak seme-alaben garapenerako eman dezakeena aprobetxatzeko. Hedabiderik gabe biziko ez garenez, irizpide kritikoa landu beharko dugu, hedabideak nola erabili jakin dezaten, eragin kaltegarriak saihesteko. Alde txar guztietatik ere atera liteke irakaspenik eta aprobetxatu daitezke hezkuntza prozesuetarako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario